Oporrak

Oporrak edo oporraldiak lana eta bestelako ohiko jarduerak egiten ez diren denboraldiak dira,  gehienetan arautuak. Jatorrian, atsedenaldi hutsa izatetik, oporrak gizarte modernoetako masa-fenomenoa dira, oporrak aukera bezala gizarte osora zabaldu ondoren, eta egun turismoarekin guztiz loturik dagoela esan daiteke, turismoa eta oporrak identifikatzeraino. Turismoa kontsumo-mota bat izanik, oporrak estatus soziala definitu eta nabarmentzeko denbora da, baina aldi berean hierarkia soziala alderantzikatzeko modua da, non pertsona, familia edo talde bakoitza bere ideal soziala garatzeko aukera duen, goragoko eskala sozial bati dagozkion jarduerak burutuz. Era horretan, oporrak demokratizazio-denbora da, non bizialdi arrunteko eskalak, hierarkiak eta arauak itxuraz eta denbora batez, oporraldira mugatuta bada ere, desegiten diren. Hain zuzen, poltsiko guztietarako oporrak daude, eta noranahikoa izanik helmuga turistikoa, denetariko eskaintzak aurkituko dira, apalenetik luxuzkoenera, desberdindu eta berezi eta esklusiboa izateko irrika une oro sentiaraziz. Guztiz adierazgarria oporren iraupena arautua izatea: oporren ametsa aldi baterako baino ez da, azkenean lanera eta ohiko errutinara itzuli beharko baita, opor ondoko depresio deitu den hori eraginez.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Oporrak"; Gizapedian, 4 abuztua, 2021, https://gizapedia.hirusta.io/oporrak-oporraldiak-oporretan/.