Osagai nagusien analisia

Osagai nagusien analisia aldagai anitzeko azterketarako teknika bat da, datuak laburbiltzea bilatzen duena, horretarako osagai nagusi izeneko aldagai berriak sortuz, haiserako aldagaien konbinazio lineal direnak. Lehen osagai nagusia datuen ahalik eta bariantza handiena (zehatzago inertzia handiena) azalarazteko helburuarekin eratzen da; bigarrenak, aurrekoarekin ortogonal edo independenteak, lehenengoaren ondoren azaltzeke geratzen den bariantza zati handiena azaldu behar du, eta horrela hurrenez hurren eratu nahi diren osagai nagusi guztietarako. Adibidez, herrialde batzuetako errenta per capita, langabezia, pobrezia-tasa eta beste hainbat aldagai makroekonomikoei buruzko datuekin osagai nagusien analisia eginda, aldagai horiek guztiak laburbilduko lituzkeen lehen osagai nagusi bat aldagai horien konbinazio lineala litzateke: O1=0.5*EPC - 0.1*LANG - 0.8*POB + ...; eta horrela O1 osagaiak datu guztiak laburbilduko lituzke balio bakar batekin, garapen ekonomikoa edo adieraziko lukeena.

Bi osagai nagusi eraturik, bi osagai nagusiak ardatz perpendikularretan jarririk (independenteak direnez), hasierako datu guztiak, aldagai askotakoak izan arren, bi dimentsiotan irudikatu litezke, herrialdeen irudikapen eta kokapen erlatiboa azalduz, eta horrela bide batez herrialde antzekoak azalaraziz. Modu berean, hasierako aldagaiak ere irudikatu daitezke, aldagai horiek osagaien terminoetan jarriz, aldagaiak osagaiei buruz nola kokatzen diren, eta beraz osagaiak nola interpretatu behar ditugun jakiteko.

Hiztegia: ingelesez, principal components analysis; gaztelaniaz, análisis de componentes principales.

Ikus, gainera