Ostegunak (Jon Arretxe): laburpenak

Tuna-fish komandoa

Umore beltzeko ipuin honetan, unibertsitatean heziketa fisikoa ikasten ari diren mutilak eta farmazia ikasten ari diren nesken arteko harremanak kontatzen dira. Unibertsitatean, parranda eta festa giroa nagusitzen da gehienetan, bereziki ostegunetan. Egun batean, tunoak agertzen dira unibertsitatera. Tuna antzinako janzkeraz pieza erromantikoak jotzen dituen mutil ikasleen taldea da. Kantu ezti eta samur horiekin farmaziako neskak liluratu egiten dituzte. Heziketa fisikoko mutilek egoera berria onartu ez eta tunoak jipoitu eta haien instrumentuak apurtzen dituzte. Euren harridurarako, erasoaren ondoren, farmaziako neskek mutilak zaindu eta babestu egiten dituzte. Estrategia aldatzea erabaki eta ''tuna-fish komandoa'' antolatzea erabakitzen dute. Tunoen artean, infiltratu bat sartzen dute, Joxemari izenekoa, gabon aurreko eskeetan euskaraz abestea proposatzen diena, haien gaztelaniazko kantuen ordez. Kantu horrekin diru pila eskuratzen dute gabonetako eskean eta hori gastatzeko, Joxemarik afaria egitea proposatzen die. Afarian arrain hezur bat eztarrian sartuta hiltzen da tuno bat. Hurrengo batean, hildako lagunaren omenez egindako parranda batean, tunoak guztiz mozkortu eta ondorioz beste tuno bat hiltzen da. Tunoak susmo txarrak hartzen joaten dira, euskarazko abestian bixigua (lehenengo afarikoa) eta gero legatza (mozkorra ere esan nahi duena) aipatzen delako. Hirugarren kantu-saioa egin, baina abestian bakailoa aipatzen denez, inolaz ere horrelakorik ez jatea erabakitzen dute, baino diskoteka batera doaz (bakailoa dantzatzera?) eta beste tuno bat hiltzen da. Horren ondorioz, tuno guztiek unibertsitatetik alde egiten dute, baina hala ere, Eguberriak pasa ondoren farmaziako neska ikasleekin zituzten lehengo harremanetara ezin dira itzuli, nesken gustua guztiz aldatu delako ia. Lehengo giroa ez zen inoiz bueltatuko, heziketa fisikoko karrera zailagoa jarri eta irakasleak ere aldatu zirelako.

Teletienda: Amodiozko istorio labur bat

Txema magisteritza ikasten ari da eta bere gelako Edurnerekin dago maiteminduta. Bere aldamenean esertzen eta eskolako lanak egiteko bere taldean sartzen saiatzen da berarekin egoteko. Baina ez da ausartzen berari maitasuna adierazten. Txemak badaki, Edurneren pisukide eta laguna den Amaiari esker, Edurnek mutil laguna duela bere jaioterrian, mutilak gaizki tratatu arren, biziki maite duena.

Azterketen aurreko ostegun batean, Edurnerengan itxura-aldaketa bat somatu eta Amaiari galdetzen dio zer gertatzen zaion. Mutila utzi duela kontatzen dio, eta, bide batez, gau horretan berarengana hurbildu eta harremanetan hasteko aukera izango duela. Gau hartan bertan, Amaiak Edurneri etxera joateko eskatu eta, aldi berean, Txemari beraiekin joateko eskatzen dio. Pisuan, Amaia berehala ohera joan eta Txema eta Edurne bakarrik geratzen dira, telebistari begira. Teletiendako programa bat ari dira ematen. Txema saiazten da fisikoki hurbiltzen, disimuluz. Azkenean, Edurnek ohera joateko proposamena egin, baina Txemak, herabe, bakoitza bere ohera joatea proposatzen ari dela ulertu eta bere etxera doa, emakumeak zein arraroak diren pentsatuz.

Malagueña salerosa

Ikasle pisu batean lau mutil bizi dira: Josu, Martin, Ozpin eta narratzailea. Ozpin ezizenekoa berezi samarra da: xuhurra da oso eta besteengandik aparte ibiltzen da. Ozpin izena ogitartekoetan ozpina sartzen zuelako deitzen diote, erosten dituen beste janari merkeekin batera. Beste hiri lagunak moldatzen dira nola edo hala azterketetan, kopiatuz bereziki. Gero, parranda giroan ibiltzen dira. Noizean behin, neska taldeak joaten dira euren pisura afaltzera, baina hiru lagunek (Ozpinek ez baitu horretan ere parte hartzen) ez dute batere ligatzen, bapo afaltzen duten arren. Egun batean, lagun batek Malagan erraz ligatzen dela kontatzen die. Hara joatea pentsatzen dute; horretarako, Josuk hango neska ezagun bati deitzen dio, Marimar izenekoa, haientzat ostatu bat bila dezan. Marimarren lagunekin ibiltzeko aukera ere izango dute. Aste Santuan autobusa hartzen dute Malagarako. Han, Marimar beste bi lagunekin dute zai, Rocio eta Almudena. Mutilak bakarrik geratzen direnean, mutilak eztabaidan hasten dira ligatu behar dituzten neskak banatzean. Azkenean, banaketa egin eta Josu aurrez ezaguzten zuen Marimarrekin geratzen da. Neskekin gauean elkartzen dira, baina gauerdian hango mutil talde bat agertu, dotore jantzita, eta haiekin joaten dira, mutil euskaldunak aho bete hortz utzita. Biharamunerako, dotoreago jantzi eta neskek Aste Santuko prozesioak ikustea proposatzen diete. Ordutan horri begira egon eta gero, azkenean taberna giroan murgiltzen dira, baina azkenean, bezperan bezala, hango mutil talde batekin joaten dira. Hurrengo egunean berriz ere berdina gerta ez dadin hango kopla bat asmatzen dute neskei abesteko, malaguñea salersoa izenburukoa. Neskekin elkartu eta berriz prozesioak ikusi ondoren, kopla kantatzen diete. Neskak harrituta geratzen dira. Flamenko ikuskizun batera joan eta aurrekoetan bezala geratzen da. Mutilak gaizki zer egiten ari diren eztabaidan hasi eta neskak ligatzera zuzenean joatea, ingurumariarik gabe, erabakitzen dute. Gauean, bakoitzak aukeratu duen neskarekin elkartu eta laztanka, musuka hasten dira, baina oheratzeko proposamena egiten dutenean, ezezko borobila jasotzen dute. Neskek alde egin eta nola edo hala ligatu nahi dutela eta, mutiletako batek 15 urteko neska bat ezagutzen du taberna batean, baina azkenean bere aita tabernaria dela konturatuta atzera egiten du. Beste mutilak ere ez du zorte hoberik. Martinek ordea txortan egin du, puta batekin, baina hiru lagunen diruarekin. Haserre, Malagatik alde egitea erabakitzen dute. Euskal Herrira heldu eta Ozpini ezer ez kontatzea erabakitzen dute. Oroitzapen moduan, marmelada poto hutsak jartzen dituzte despentsan, neskekiko porrotak gogoratzeko, pisura joan diren neskekin zuten ohiturari jarraituz.

Unibertsitateko harakinak

Ipuin honetan ikasle batek goizeko hamarretan izango duen azterketa bat prestatzeko eta azterketako gorabeherak kontatzen ditu, ordu batzuk lehenagotik, egunkari moduan, pasadizo bakoitzean ordua aipatuz. Gauerdian film bat ikusten ari da pisukideekin baina ikasten hasi beharko dela hasten da pentsatzen. Filma ikusten du jarraitzen du, ordea, ikasketa gerorako utziz. Filma amaitzean hasten da ikasten, beste ikasle baten apunteekin. Gogaiturik dago Kirol Legislazioko irakasgai horrekin, gainera ez du ezer ulertzen eta ezin da kontzentratu. Denbora aurrera doala ohartzen da eta txuletak egitea erabakitzen du; aurrena boligrafoetako plastikoan apunteak idatziz baina horrela azterketarako bukatzea ezinezkoa zaionez, txuletak paperean egiten ditu azkenean. Gozeiko bederatzietarako azterketa gelan dago; hamar txuleta ditu eta mahai gainean idazten du txuleta bakoitak biltzen duen edukia. Oso urduri dago. Azterketa hasten denean, irakaslea etengabe berari begira dagoela iruditzen zaio ta uneren batean bere atzean ere jartzen da. Guztiz urdurituta, ez da gauza txuletak ateratzeko. Bere lagunak arazorik gabe txuletak ateratzen ari direla ikusten du. Denbora pasa ahala gehiago urduritzen da, gainera. Azkenean, minutu gutxi batzuk falta direla, etsirik, irakaslea izorratzea erabakitzen du. Bere begien aurrean, eskuak mahai azpian sartu eta hortik zerbait hartzen duelako itxurak egiten ditu. Hori ikusita, irakasleak zertan ari den galdetzen dio. Ondoren, aukera guztiak galduta ia, txuletak irakaslearen aurrean atera eta azterketaren azpian jartzen du. Irakaslea berriz ere berarengana joan eta azterketako orriak altxatzeko esaten dio. Eztabaida baten ondoren, ikasleak apustua proposatzen dio: orrien azpian ezer ez badago, aprobatu egingo du; bestela, azterketa hori eta errekuperaketa ere penkatuta izango ditu. Irakasleak onartu egiten du. Orriak altxa eta horien azpian ez dago ezer. Irakaslea harri eta zur geratzen da eta bere hitza bete behar du. Azterketaren ondoren, ikasleak bere garaipena ospatzen du lagunekin fakultateko kafetegian.

Oharra:Unibertsitateko harakinak izenburuak txuletei egiten dio erreferentzia.

Atsoa

Itxura ederreko baina barrutik egoera negargarria duen etxebizitza batean bizi dira bost gazte: Iban, politikan sartuta ibiltzen dena, Fede kirol eta parrandazalea, Dani edanzale eta erromantikoa, Koldo rock eta drogazalea eta Txabi txalaparta-jotzailea, istripu baten aurretik liderra zen gaztea, berritsua, baina ondoren guztiz aldatu zena. Hain zuzen, inauteri-ostegun batean emakumez jantzita atera ziren; bidean manifestazio batekin topo egin eta ertzainak haien atzetik atera ziren, adarjoka ari zirelakoan, denek ihes egiten zuten, Txabik ezik, azkenean estatua batera igo baina ertzainen pilotakada batez erori eta min hartuta ospitalera eraman behar izan zuten. Geroztik guztiz aldatu zen, mutil tristeagoa ematen zuen. Etxeko giro bizia ere galdu. Animatzearren, festa bat antolatzen dute etxean edari askoekin, eta lagunak gonbidatuz. Egun batean, ordea, txofer batek atso itxuraz aberatsa dator etxera, ugazabaren ama dena eta Madrildik datorrena. Ugazabak abisatu zien, bai, atso berezia zela. Jaia atzeratzea erabakitzen dute, ondorioz. Hala eta guztiz ere, atsoa kexaka hasten da bazterretan dituzten trasteak eta musika ozena direla-eta. Dani, ordea, atsoaren neskame gaztearekin maitemintzen da. Dani harekin harremanetan hasi eta atsoaren berri ematen dio: osasunez makal dabil eta luzaroan egongo da etxean. Atsoak neskamea Danirekin harrapatu eta bidali egiten du, haren ordez emakume desatsegina kontratatzeko gero. Giro txartu egingo da guztiz: lorategi marihuana kendu, Federen bizikleta zakarretara bota eta Txabiren txalaparta sutarako erabili zuten. Gazteek mendeku hartzea erabakitzen dute eta ekintzak prestatzea erabakitzen dute, betiere istripu itxura emanez haiei. Lehen ekintza lorategiko landare eta zuhaitzak pozoitzea izan zen, guztiz ihartu arte. Atsoa neskamearen errua dela uste eta bidali egiten du, beste bat berriz ere ekartzeko. Hurrengo ekintzan, ganbarako zomorro eta saguak harrapatu eta atsoaren gelan sartzen dituzte. Atsoaren garraxien ondoren, neskame berria berriz ere bidali egiten du. Bizikletagatik mendekua hartzeko, lagun batzuen laguntzarekin, bizikleta istripu bat simulatu, txoferra geldiarazi eta autori su ematen diote. Txoferra ere kalera bidaliko du atsoak. Azkenik, atsoaren kanitxeen aurka egitea pentsatzen dute. Neskameak paseatzera eramaten dituenean, bahitu egiten dituzte mehatxuka. Berria jakin bezain laster, atsoaren garrasiak entzun ahal izan zituzten gazteek. Egunkarietatik ebakitako letrekin, poliziari ez deitzeko ohartarazi eta ekintza bereganatzen dute, kanpoko txakur horteren aurka. Atsoa guztiz beldurtu egiten da, terroristen biktima dela sinetsita. Bigarren mezu batean, gazteek bi eguneko epea ematen diote Euskal Herritik alde egiteko. Atsoak mezu bat uzten die txakurrak bahitu zituzten leku berean, zer dela-eta hainbeste gorroto txakurren aurka eta denok elkar konpontzea esaktuz. Gazteek errukirik ez eta azken ohar bat bidaltzen diote atsoari, alde egiteko, txakurrei zerbait txarra gertatzea nahi ez badu. Azkenean, mezu bitartez atsoak etsi eta denbora gutxian alde egingo duela hitz ematen du. Gazteek emandako epea bukaturik, ordea, atsoak pakete bat jasotzen du, ustez akabatutako txakurren. gorpuzkinekin. Atsoa seko erori zen lurrera hori ikusita eta neskamea garrasika alde egin. Hurrengo egunetan, luxuzko autoetan etorritako jendea jaso eta gero, etxea utzi zuen atsoak. Gazteek azkenean udaberriko jai handia antolatu ahal izan zuten etxean.