Pantokrator

Pantokratorra  (latinezko pantocrator hitzetik; bere aldetik, antzinako grezierazko παντοκράτωρ hitzetik, "pantokrátōr", literalki "ahalguztiduna") arte bizantziar eta erromanikoan ohikoa den Jesus Nazaretekoaren edo Aita Jainkoaren beraren irudikapena da, tronu batean jesarrita edo zeru sabaian, bere agintea adieraziz horrela. Tronuan irudikatzen denean, Kristo Bere Maiestatean edo Kristo Bere Handitasunean deitzen zaio. Itun Berriak bere ezker eskuan erakusten ditu (batzuetan bertset jakin bat erakutsiz), eta eskuineko eskuarekin bedeinkapena egiten du, hiru hatzamarrekin, Hirutasun Santua adierazteko, beste bi hatzamarrekin Jesus izaera bikoitza (jainkotiarra eta gizatiarra) azalduz ; beste batzuetan, hatzamarrek Jesus grezieraz  labur adierazteko ICXC letrak azaltzen dituzte, hatz txikia luzean (I), hurrengoa bihurtuta (C), hurrengoa eta erpurua gurutzatuta (X) eta erakuslea bihurtuta (C). Jesus begirada zorrotz eta lasaiarekin azaltzen da pantokratorrean, errespetua iradokiz; arte gotikoan, ordea, Kristoren irudikapenek itxura gizatiarragoa adieraziko dute.1 Gurutzedun argi-koro batez ere irudikatzen da. Irudiaren alde banatara alfa eta omega letrak azaldu ohi dira orobat, Bera guztiaren hasiera eta bukaera dela adierazteko.

Aldi berean, oinutsik azaltzen da, oinak oin-aulki baten gainean, lurretik altxata; xehetasun hori erromatar enperadoreen irudikapenetatik eratorritakoa da, enperadore haiek jainkotzean horrela irudikatzen zituztelako. Kristo ere haiek bezala irudikatuko da arte paleokristauan, eta hortik erromanikora pasako da. Ohartu behar da, pantokrator atributua bera ("ahalguztiduna") Zeus greziar jainkoari aplikatu zitzaiola.

Irudia mandorla ("almendra formako") zein obalo formako itxitura batean irudikatzen da. Mandorlak zeruaren eta munduaren erabateko bereizketa adierazten du. Ortzadar baten gisara ere irudikatu ohi da, mundua alderik alde zeharkatzen duen Jainkoaren argia adierazteko.2 Kristo busto baten gisara edo gorputz osoko irudika daiteke; gorputz osoko irudikapenetean, eta irudikatzen den Aita Jainkoa denean, Jesus Nazaretekoa ere agertzen da Aita Jainkoaren belaunen gainean. Mandorlaren inguruan tetramorfos bat irudikatzen da, lau ebanjelarien irudi alegorikoen multzoa alegia (Mateo gizon moduan, Lukas zezen moduan, Markos lehoia eta Joanes arrano moduan) .

Pantokrator bereziki kristau elizetan azaltzen da, zehatzago eliz atarietan zein absideko gangan, eta baita ilustratutako liburu liturgikoetan.

Erreferentziak

1.
Pantocrátor y tetramorfos. Historia de Las Religiones 98. http://historiadelasreligiones98.blogspot.com.es/2013/02/pantocrator-y-tetramorfos.html. Accessed 2018.
2.
LA ICONOGRAFÍA DEL PANTOCRATOR. El señor del biombo. http://seordelbiombo.blogspot.com.es/2012/07/la-iconografia-del-pantocrator.html. Accessed 2018.
484 hitz
Kategoriak