Pentsamendu ahula

Pentsamendu ahula Gianni Vattimo filosofoak (Turin, 1936 - ) proposaturiko erlatibismo postmoderno berria da, modernitateko pentsamendu gogor edo indartsuak proposatzen dituen kontzeptu uniboko eta normatiboen (eta finean horien azken ondorioa den biolentziaren) aurkakoa. Bere iritziz, kultura eta pentsamendu berriak zabaltzen ari diren heinean, ezin da jarraitu Mendebaldeko pentsamendu metafisikoan eta arrazoi modernoaren ereduetan oinarritzen. Egungo mundua azalduko lukeen kontakizun metafisikorik ez egotea (Nietzscheren "Jainkoa hil da" nagusitu da jada) eta nihilismoa dira pentsamendu ahula onartu beharra dakarten beste arrazoiak: kontzeptu eta kontakizunen aniztasunean, pentsamendu ahulean alegia, aurkituko da egungo egia eta ziurtasun ezegonkorrek itxuraz ukatzen diguten askatasuna. Vattimoren esanetan, pentsamendu ahula ez dago kulturaren aurka, areago kulturaren eta arrazoiaren posibilitatea aldarrikatzen du, baina zelai zabal batetik abiaturik, itxiturarik gabe, modu positiboan.