Pentsamendu kritikoa

Pentsamendu kritikoa edo pentsamolde kritikoa, pertsona batek ezagutza garatzeko trebetasun eta prozesu kritikoa da, zorrotza alegia. Zorroztasun hori da pentsamendu kritikoaren ezaugarri nagusia, pentsamenduaren beste aldaera guztietatik, hala nola pentsamendu analitikotik, logikotik, sortzailetik edo praktikotik bereizten duena, aldaera horietako batzuk barnehartzen baditu ere.

Pentsamendu kritikoaren zorroztasunak jarrera bereziki eszeptikoa eta aurreiritzirik gabea eskatzen du, eskuraturiko ezagutza eta horren oinarriak (ikus, paradigma zientifikoa) etengabe zalantzan eta kolokan ere jartzen dituena, eta metodologia zientifikoari guztiz jarraitzea, hala nola informazioa eta datuak objektibotasunez jaso, anbiguitaterik gabeko kontzeptuak erabili, modu logiko arrazional batean aztertu, eta lorturiko konklusioak eta hartutako erabakiak zuzentzeko irizpideak izatea, Areago, pentsamendu kritikoak norberaren perspektiba pertsonala alde batera uztea eskatzen du, aztergai dugun gaian norberak izan ditzakeen interes pertsonalak erabat baztertuz (pentsamendu desideratiboa, alegia), horrek establisment akademikoan eroso bizi diren ustezko jakitun asko pentsamendu kritikoaren esferatik baztertzen dituen arren. Beste alde batetik, besteek emandako informazioa, argudioak eta ezagutzak ere kolokan jartzea eskatzen du, erabateko berifikazio edo egiaztapena exijituz.

Pentsamendu kritikoaren karakterizazio horrek erabateko sakontasuna ematen dio pentsamenduari, bereziki erabilgarria dena, falaziaren, desinformazioaen eta pseudozientziaren aurka ekiteko, eta beraz ezinbestekoa pertsona aske eta autonomoak, kritikoak hitz batean, hezteko. Hori dela eta, pentsamendu kritikoa konpetentzia pedagogiko oinarrizkotzat hartu da hainbat hezkuntza-eremutan.

Ikus, gainera

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Pentsamendu kritikoa"; Gizapedian, 17 uztaila, 2021, https://gizapedia.hirusta.io/pentsamendu-kritikoa-pentsamolde/.