Pentsamendu magikoa

Pentsamendu magikoa gertakarien artean enpirikoki frogatu gabeko loturak ezarrita dituen errealitatearen ikuskera da, fenomenoak azaltzeko superstizioak, sinesmenak, tradizioak, irudimena eta emozioak hartzen dituena oinarritzat. Pentsamendu zientifiko edo objektiboaren aurkakoa da, esperientzia enpirikoa, esperimentazioa eta ikaskuntza oinarritzat dituena. Egungo gizarte zientifiko-teknikoan, pentsamendu magikoa haurren eta gizarte primitiboen mundu ikuskerarekin, esoterismoarekin eta parapsikologiarekin lotzen da orokorrean, baina gizaki guztien oinarrizko baliabidea dela frogatu da antropologiatik, itxuraz kontrolaezina dena kontrolpean edukitzeko, kontrolaezinak eragiten duen antsietatea ezabatze aldera. Psikologian, pentsamendu magikoa bereziki buruko nahasmenduak dituen pertsonen artean agertzen da; hain zuzen, apofenia eta pareidolia terminoak asmatu dira zentzugabeko loturak eta pertzepzio nahasiak, hurrenez hurren, jasotzen direneko nahasmenduak izendatzeko. 1

Orokorrean, pentsamendu magikoak baliabide hauek erabiltzen ditu fenomenoak lotzeko:

  • analogia, antzekoak antzekoari eragiten diola sinesten denean (magia imitatiboa, alegia);
  • adualismoa, denaren eta norberak pentsatzen duenaren artean bereizketarik ezartzen ez denean;
  • animismoa, animaliek eta objektuek naturaz gaindiko ahalmenak dituztela sinesten denean.2

 

Beste hizkuntzetan: ingelesez, magical thinking, magical beliefs.

Erreferentziak

1.
apophenia and pareidolia. 59way.blogspot.com.es. http://59ways.blogspot.com.es/2012/01/apophenia-and-pareidolia_09.html. Published 2012.
2.
Petra-Micu I, Estrada-Avilés A. El pensamiento mágico: diseño y validación de un instrumento. Investigación en Educación Médica. 2013. http://www.scielo.org.mx/pdf/iem/v3n9/v3n9a5.pdf.