Pertsonifikazioa

Pertsonifikazioa edo prosopopeia izaki bizigabeak eta kontzeptu abstraktoak pertsonatzat hartzen dituen figura erretorikoa da, haiei pertsonen ezaugarriak esleituz edo pertsonak balira bezala tratatuz. Bereziki ugaria da olerkigintzan. Fabula bereziki, animalien pertsonifikazioan oinarritzen den literatura generoa da. Bestalde, mitologia asko naturako elementuen pertsonifikazioan oinarritzen dira, hala nola mitologia klasikoan, non haizea Eolo den, eta eguzkia Apolo, besteak beste (ikus, gainera, animismoa).

Euskal literaturan Lizardi nabarmentzen da pertsonifikazioa baliatu duten idazleen artean, bereziki naturako elementuei buruz. Iguzki, Euri, Gau eta Egun maiuskulaz idatzi zituen bere olerkietan, baita urtaroak ere. Animaliei buruz epiteto gizatiarrak ere baliatu zituen: kilkerra olerkari arlotea da, udaberria urdinez jantziriko neskatxa, eta Negua agure.