Pigmalion efektua

Psikologian, Pigmalion efektua edo Pigmalionen efektua pertsona batengan gertuko beste pertsona batek edo inguruneak berak hari buruz dituen iritzi, balorazio, igurikimen edo espektatibek duten eragina da, positiboa edo negatiboa, iritzi edo balorazio horiek positiboak edo negatiboak diren arabera. Pedagogian maiz aipatzen den efektua da, non ikaslearekiko erakusten diren konfiantzak eta balorazio positiboak motibazioa eragin eta ikaskuntza prozesua indartu egiten dutela adierazten duen, eta alderantziz. Finean, Pigmalion efektua besteen onarpena edo gaitzespenak gugan izaten duen norabide bereko efektua da: onartuta eta balioetsita sentitzen garenean, gure motibazioa handitu eta erredimendua hobetu egiten da; berriz, gugan konfiantzarik ez dagoenean, animoa galdu eta beheratu egiten gara. Hartara, Pigmalion efektua iragarpen autobetearen adibide bat dela esan daiteke.

Pigmalion efektuaren izena greziar mitologiako Pigmalion pertsonaiarengandik dator. Pigmalion marfilezko irudi femenino bat egin zuen eskulturgilea izan zen kondairaren arabera; horrenbesteraino maitemindu zen berak egindako irudiarekin, non azkenean Afroditak bere maitasuna saritu eta eskulturari bizia eman zion. Pigmalionen maitasunak eskultura emakume bihurtu zuen nola, besteen iritziak gu ere aldatu hala.