Populazioa (estatistika)

Estatistikan, populazioa, unibertso ere deitua, ikerketa batean aztergai diren elementu guztien multzoa da. Eguneroko hizkeran erabiltzen den beste adiera arrunt baten arabera, populazioa izaki bizidunen multzo bat ere bada, toki jakin batean, baina estatistikan pertsonak, animaliak, objektuak zein fenomenoak izan  daitezke, ikerketaren oinarrizko unitateen multzo osoa.

Gehienetan populazio osoa aztertzea ezinezkoa da, horren elementu kopurua oso handia delako, eta orduan populazioaren ezaugarriak ikertzeko populazioaren azpimultzo bat aukeratzen da datuak hortik bakarrik jasotzeko, lagin izenekoa, zoriz jasotzen dena populazioaren islada adierazgarria izan dadin. Populazioaren ezaugarriak, beraz, horren lagin baten bitartez aztertzen dira beraz.

Populazio mota hauek bereizten dira tamainaren arabera:

  • Populazio finituak; adibidez herri bateko 5000 bizilagunen iritziak jakin nahi direnean.
  • Populazio infinituak; adibidez, 50-54 urteko emakumeen pisuek, izan ere, denboran mugarik jartzen ez bada, zerrenda osatzen ez genuke inoiz bukatuko. Populazioa oso handia denean ere infinitutzat hartzen da.

Eta izaeraren arabera,

  • Populazio izandunak, populazio elementu guztiak existitu egiten direnean ikerketaren unean. Finituak edo oso handiak dira.
  • Populazio esperimentalak, behaketak esperimentalki jasotzen direnean; adibidez, dado bat behin eta berriz bota behar denean. Populazio esperimentalak infinituak direla esan daiteke.