Pragmatismoa

Filosofian, pragmatismoa sinesmenak, ideiak eta pentsamendua ondorio praktikoetara zuzendua egon behar direla aldezten duen eskola filosofikoa da. Horrela, balio praktikoa ez duten proposizioak baztertu behar direla baieztatzen du. John Dewey filosofo pragmatikoak emandako adibidea hartuz, ideiak eta sinesmenak eskuak bezalakoak dira eta ez dute sardexka bat baino balio handiagorik, eta sardexkak jateko balio ez badu, ez du zentzurik galdetzeak zopak zerbait berezkoa duen sardexkak balio ez izateko edo horrelakorik, ez du balio jateko eta kitto. Eskola pragmatikoa Estatu Batuetan garatu zen bereziki XIX. mendearen bukaeran, eta horren aitzindariak William James (1842-1910), C. S. Peirce (1839-1914) eta John Dewey(1859-1952) izan ziren. Pragmatismoaren eragina filosofiaz haraindi zabaldu eta hezkuntzan, zuzenbidean, politikan, soziologian eta psikologian izan du eragin zabala, eta garai beretsuan garatu zen positibismoa bezala, enpirismoaren baitan bil daitekeen eskola da.