Pragmatismoa

Pragmatismoa XIX. mendearen bukaeran abiarazitako mugimendu filosofikoa da, kontzeptuak eta horien baliagarritasuna aztertzeko horiek gizakiarentzat dituzten ondorioei erreparatu behar zaiela baieztatzen duena. Pragmatismoa filosofia aktiboa da, eta bereziki gizartean dihardu, arazoei irtenbide praktikoak proposatuz. Pragmatikoentzat, egia bilatzeko efektuei erreparatu behar zaiei, eta funtzionamendua egokia bada, kontzeptua egiazkotzat jo ahal izango da. Ekintzari emandako lehentasuna, ordea, ez da arrazoiaren aurkakoa, ekintzaren helmuga garbia izan behar denez. Ideiak eta sinesmenak eskuak bezalakoak direla baieztatzen da pragmatismotik, gizakiak baliatu egiten ditu eta funtzionatzen duten, jokabide egokia eragin eta egoera jakin batera moldatzeko balio ote duten besterik ez da hausnartu behar.

Pragmatismoa nominalismoaren eta arrazionalismo kartesiarraren aurkako eta enpirismoaren aldeko mugimendua izan zen, eta garai beretsuan garatu zen positibismoa bezala, enpirismoaren baitan bil daitekeen eskola da. Mugimendua bereziki Ameriketako Estatu Batuetan garatu zen, eta horren aitzindariak William James (1842-1910), C. S. Peirce (1839-1914) eta John Dewey (1859-1952) izan ziren, horien artean iritzi ezberdinak osatzen joan baziren ere.1 Pragmatismoaren eragina filosofiaz haraindi zabaldu eta hezkuntzan, zuzenbidean, politikan, soziologian eta psikologian izan du eragin zabala. Soziologian, Chicagoko eskolaren ardatz nagusietako bat izan zen.

Adiera arruntean, berriz, pragmatismoa asmoak garatu eta helburuak lortzearren praktikoa izan behar dela baieztatzen duen jarrera da, helburu horiek lortzen aldera bitarteko egoki eta erosoenak baliatu behar direla aldezten duena, horietarako oztopo izan daitezkeen aldez aurretiko ideiak eta printzipioak baztertuz.

 Erreferentziak