Produktuaren bizi-zikloa


Produktuaren bizi-zikloa
denboran zehar produktu baten salmenta eta mozkinen bilakaera zehazten duen eredu bat da, garatzen hasten denetik haren gainbeherara arte, tartean hazkunde-aldia eta helduaroa bereiziz. Eredu deskribatzailea eta normatiboa da aldi berean: deskribatzailea, produktuaren salmentak denboran zehar errealitatean nola bilakatzen diren azaltzen duelako (orokorrean, S itxurako kurba bati jarraiki, irudian ikus daitekeenez); eta normatiboa, bizi-zikloko aldi horietarako marketin helburuak eta estrategiak bereziak ematen dituelako, nahiz eta plangintza tresna gisa duen baliagarritasun eskasa ere aipatu den, salmenten bilakaera merkatuaren analisirako adierazle guztiz mugatua delako, konkurrentzia eta kontsumitzaileak barnehartzen ez dituenez. Ikuspuntu deskribatzailetik ere kritikatu da, garapenetik gainbeherara arteko aldien iraupenak eta horien arteko trantsizioak zehazten ez dituelako. Eragozpen horiek gainditzeko ordea, produktuaren bizi-zikloaren eredua garatzeko difusio-eredu matematikoak garatu dira.