Proiekzio-teknikak

Rorschach teknika, teknika proiektibo ezagunena: subjektuak irudia interpretatu behar du.

Proiekzio-teknikak edo teknika proiektiboak pertsona baten nortasun, jarrera, iritzi eta autokontzeptuari buruzko informazioa jasotzeko teknika psikologikoak dira, subjektuari egituratu gabeko estimuluak aurkeztuz eta horiek nola interpretatu edo egituratu egiten dituen jasoz. Bereziki subjektu baten barru-barruko nortasuna ezagutzeko balio dute, baina subjektua eroso sentitzen den eran (hortik estimuluak egituratu gabeak izateko beharra). Proiekzio izeneko defentsa-mekanismoan oinarritzen dira, eta bereziki teoria psikodinamikoetan erabiltzen dira. Agian proiekzio-teknika ezagunena Rorschach teknika da, non subjektuak aurkezten zaizkion irudi anbiguoak interpretatu behar dituen. Teknika proiektibo estandar horietaz gainera, badira ad-hoc motako teknika proiektiboak marka komertzial baten logoak subjektuei zer iradokitzen dien galdetzen zaionean, esaterako.

Proiekzio-teknika hauek bereizten dira: asoziaziozkoak, non subjektuari irudi edo beste estimulu bat aurkeztu eta burura datorkien lehenengo erantzuna (hitz bat, esaterako) eman behar duten; konstrukziozkoak edo adierazpenezkoak, non estimuluak iradokitzen dien istorio edo irudi bat osatu behar duten (adibidez komiki moduan eratutako irudi bateko hitz-hutsuneak betez); konpleziozkoak, esaterako esaldi batean dagoen hutsunea bete behar dutenean; eta aukera-ordenatzearekin lotuak, non galdera baten aurrean aurkezten diren aukerak ordenatu behar diren.

Abantaila moduan, teknika proiektiboek informazio aberatsa ematen dute, baina interpretatzen zaila izan daiteke. Subjektu batzuekin loturiko informazioa gainera nekez zabaldu daiteke populazio batera. Informazioaren fidagarritasuna gainera, zalantzazkoa da.