Prosumitzaileak (prosumidoreak)

Prosumitzaleak edo prosumidoreak (produktore eta kontsumitzaile hitzen elkarketatik) teknologia digitalek eta Interneten garapena, bereziki Internet 2.0 izenekoaren baitan, ahalbidetu duten subjektu eta eragile berria da, aldi berean eduki digitalak produzitu edo ekoitzi eta kontsumitu egiten dituena. 1970eko hamarkadan aurreratutako kontzeptua da, eta 1980 urtean Alvin Toffler-en The Third Wave lanean lehen aldiz agertu zena. Toffler-ek telebista eta hedabide masifikatzaileen amaiera aurreikusi zuen, kontsumitzaile eta erabiltzaileei autonomia gehiago ematen dieten teknologia digitalei esker.

Enpresa munduan figura garrantzitsua da, kontsumitzaile eta informaitzaile moduan, prosumidoreak produktu, zerbitzu eta markei buruzko balorazioak zabalduz izaten duen eragin itzelagatik, markak ospetsu bihurtuz edo suntsituz. Enpresek tentu handiz zaindu beharko lituzkete prosumitzaileek euren produktuei buruz zabaltzen dituzten mezuak: haientzat aukera bat izan daiteke, marketing planak gauzatzen lagundu dezaketelako; eta mehatxu ere bai, balorazio negatiboen bitartez edo marka lehiakideen alde lan egiten badute. Hezkuntza arloan arreta erakarri duen figura ere bada, ikaslea bere ikaskuntzaren jabe eginez, berak sortutako eduki, material eta esperientzia komunikatiboen bitartez.