Protekzionismoa

Protekzionismoa edo politika protekzionista herrialde batek kanpoko konkurrentziari aurre egiteko nazioarteko merkataritzari trabak jarri eta bertako ekonomia babesteko politika ekonomikoa da. Politika protekzionistek merkatu gatibua sorrarazten dute finean, kontsumitzailea nazioko produktuak erostera behartuz. Muturrera eramanda, autarkia egoera batean jartzen du herrialdea. Aurkako politika, nazioarteko merkataritza sustatzen duena, librekanbismoa da.

Protekzionismoa bultzatu dezaketenĀ hainbat faktore daude:

  • nazioko enpresa eta sektore estrategikoak babestea, haietan erabaki-ahalmena atxikitzeko esaterako;
  • nazioko enplegua eta bizitza-kalitatea sustatzea;
  • inportazioak saihestea;
  • beste herrialdeekiko menpekotasunari aurre egitea.

Protekzionismoa aurrera eramateko neurri ekonomikoak honako hauek izan daitezke:

  • arantzelen ezarpena (ingelesez, tariffs);
  • inportazioari kopuru-mugak (ingelesez, quotas) jartzea;
  • inportaziorako bestelako erregulazio-hesiak eta trabak, hala nola osasun- eta kalitate-arauak, herrialdean prezio erregulatuak jartzea, inportatutako ondasunenak baino txikiagoak, sektore publikoan bertako enpresekin kontratatzea, esportazioarako diru-laguntzak ematea.