Pubertaroa

Neska baten bilakaera 4 urtetik 16 urtera arte,

Pubertaroa haurrek heldutasun sexuala eskuratzen duten aldia da. Heldutasun sexualak ugalketarako ahalmena eta bigarren mailako karaktere sexualen garapena adierazten ditu, eta beraz prozesu fisiologikoa da oinarrian. Aldi berean, aldaketa psikologiko eta sozialak sorrarazten ditu haurrarengan, baina horiek jasotzeko nerabezaro terminoa hobesten da.

Nesken artean 8-13 urte bitartean gertatu ohi da, eta estrogeno izeneko hormonen jariatzearekin abiatzen da, obarioetatik (emakumeen sexu-hormonak dira estrogenoak). Fisikoki, titiko botoein agerpenarekin abiatzen da; hortik aurrera, titiak haztea eta genitaleetako eta besapeko biloa edo ilea, aldakak zabaltzea eta borobiltzea eta gerria estutzea, izerdia ugaritzea, baginako fluxu edo jarioa eta azkenik lehen menstruazio edo hilekoa, menarkia izenekoa eta pubertaroaren amaiera adierazten duena, eta beraz neskaren erabateko sexu heldutasuna, emakume bihurtzen duena. Menarkiak ordea ez du adierazten obulazioa gertatu denik areago, menarkia eta ondoengo hilekoetan gutxitan gertatzen dira obulazioak. Beste alde batetik, heldutasun fisikoa ere eskuratzen da pubertaroan, heldutasunezko altuerara helduz.

 

Mutilen artean zertxobait beranduago gertatzen da, 9-14 urte bitartean, eta testosterona (gizonen sexu-hormona) jariatzearekin abiatzen da. Aldi berean, barrabilak eta zakila handitu, hezur eta giharren garapenarekin, gorputzeko ilea, bereziki besapeetan, musuan eta genitaletan, eta ahotsa loditzea.

Gizatalde batzuetan, pubertaroa igarotze-errituen bitartez gauzatzen da.