Rokokoa

Les Hasards heureux de l'escarpolette. Jean Honoré Fragonard. 1767-1769. Jostetako eta amodiozko eszenak, alaiak eta dramatismoa guztiz saihestuz, ziren ohikoenak rokokoko margolanetan.

Rokokoa edo errokokoa XVIII. mendean Frantzian sortu eta Europara zabaldutako arte mugimendua izan zen. Barrokotik eratorritako mugimendua izan, haren aldaera berantiarrena. XVIII. mendearen bukaerara arte iraun zuen, neoklasizismoaren etorrerarekin batera.

Barrokoaren artelanetan dramatismoa islatzen den bitartean, rokokoan alaitasuna, sentsulitatea eta arintasuna nabarmentzen dira, eta beraz garaiko aristokraziaren sentsibilitatea adierazten zuela esan daiteke. Hartara, finezia eta dotorezia erakustea dira rokokoaren helburuak. Horretarako, margolaritzan, detaileen oparotasuna, kolore argiak eta pastelak eta kontraste eza baliatuz, eszena alai eta jostetakoak (dantzak, amodiozko eszenak, ...) irudikatzen ditu, gehienetan emakumeak irudikatuz, sentsualtasuna adierazte aldera. Barrokoan ez bezala, erlijio gaiak erebat baztertzen dira errokokoan, aipatutako printzipioen aurkakotzat hartzen zirenez. Hala ere, eszenetan aingerutxoak maiz agertzen dira, arintasuna adierazteko.

Arkitekturan eta arte dekoratiboetan ere eragin nabarmena izan zuen errokokoak. Hala ere, kanpoaldean eta barnealdean aski estilo desberdinak finkatu zituen: kanpoaldetik eraikinak lerro zuzen eta garbikoak diren bitartean, barruko dekorazioa ugari eta oparoa da, arranditsua, apaingarriz betea. Exotismoa ere rokokoaren ezaugarria izan zen dekorazioan, Txinatik ekarritako piezekin hornituz aretoak. Estilo horren erakusgarri nabarmenena Versallesko jauregia da.

Rokoko hitza 1797 urtean sortu zen, estiloaren gainbeherarekin batera, neoklasizismoa etorrerarekin batera: rocaille eta barroko hitzen konposaketa da, rocaille hitzaren esanahia izanik "itsusi" edo "gustu txarrekoa", estiloa garaiz kanpokoa zela adieraziz horrela.

297 hitz
Kategoriak