Saltoki handiak

Saltoki handiak edo saltegi handiak tamaina handiko denda txikizkariak dira (eta beraz, orokorrean azken kontsumitzaileentzako produktuak saltzen dituztenak), produktuen eskaintza oso zabala dutenak, hala nola elikagaiak, garbikariak, jantziak eta elektrogailuak, gehienetan prezio konpetitiboetan eskala-ekonomiek ematen dizkieten abantailei esker. Beste batzuetan ordea, arlo jakin bateko produktuak baino ez dituzte saltzen (kirolarekin lotuak, brikolajearekin, eta abar) baina beti eskaintza zabal batekin. Maiz, herri eta hirietako periferian kokatzen dira, pabiloi motako eraikinetan. Saltoki handien izendapena legezkoa da, eta izendapen hori dendako metro karratuen araberakoa da (Espainian adibidez, saltoki handiak 2.500 metro karratutik gorako denda txikizkariak). Bestalde, saltoki handi baten irekierak legezko baldintza eta baimen bereziak behar ditu.

Historikoki, saltoki handien zabalkuntza masa-kontsumoarekin lotzen da, eta bereziki 1960tik 2010 urtera arte zabaldu den eredua da. Saltoki handien ugaltzeak herri eta hiri kaskoetako denda txikien krisia eta itxiera eragin du hainbat kasutan. 2010etik aurrera ordea, saltoki handien eredua ere krisian sartu da, merkataritza elektronikoaren garapenarekin batera.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, department stores; gaztelaniaz, grandes superficies.