Sare pribatu birtuala

Sare pribatu birtuala, ingelesez VPN (Virtual Private Netwrok) izenez ezagunagoa, sare publiko batetik (nolabait esateko, edozein ordenagailutik) sare lokal edo pribatu batera sartu eta bertan jarduteko aukera ematen duen sistema da. Erabiltzailea edozein ordenagailutik konektatzen da sare pribatura eta bertatik sare pribatuko gailu batean balitz bezala (hortik birtual izena) aritzen da, informazioa jasoz eta bidaliz, sare pribatuko protokolo, kontrol eta segurtasun neurri guztiekin. Horretarako tunelizazio izeneko prozesua garatzen da, sare pribatura helarazi eta handik jaso beharreko informazioa enkapsulatuz, pakete txikietan, eta enkriptatuz, sare publikoko nodoek informazio horren existentzia eta izaeraren berri ez izatearren. Sare pribatu birtual batean aritzeak bestelako erabilerak ere baditu, hala nola datuen trafikoaren anonimizazioa, erabiltzailearen jatorriko IP helbideak ezkutuan geratzen baitira.