Sare sozialak (definizioa)

Sare sozialak Internet sarean oinarritutako guneak dira, banakoei zein erakundeei euren profil pertsonala eratu, edukia osatu, eta profila eta igotako edukia beste erabiltzaile batzuekin partekatu eta iruzkintzeko aukera ematen dutenak. Sare sozial horietan elkarrekin loturiko erabiltzaileek osatzen duten taldeari ere sare soziala deitzen zaio. Sare sozialak esanahi bikoitza du, beraz: pertsonak harremanetan jartzeko webgunea eta webgunearen bitartez elkarrekin loturiko pertsona eta erakundeen multzoa. 1997 urtean sortu zen lehen sare soziala, SixDegrees.com izenekoa, profilak egin, lagun zerrendak osatu eta beranduago lagun zerrendetan zehar nabigatzeko aukera ematen zuena.1

Pertsona ezagunekin harremanetan jartzeaz gainera, adiskide berriak egiteko erraztasun handia dago sare sozialetan, "ezagunen ezagunak" eta "lagunen lagunak", pertsona bakoitzaren adiskide taldea alegia, bere adiskide guztien bistara geratzen direlako gehienetan, ezezagunak diren pertsonen arteko harremanak zabalduz, muga jakinik gabe. Profilaren ikusgarritasuna, ordea, aldakorra sare sozial batetik bestera: guztiz publikoa izan daiteke, edo erabiltzailearen sare sozialeko kideentzat soilik eskuragarria.

Sare sozialak XXI. mendeko fenomeno sozial nabarmenena dira, zalantzarik gabe, ondorio ekonomiko eta politiko handi eta izugarriekin. Izugarriak, sare sozialek partaideek euren jardunean uzten dituzten arrasto eta informazio guztiak arakatu eta merkantilizatu egiten dituztelako, eta politika arloan mezu eta diskurtsoen manipulazioa, hala nola albiste faltsuen bitartez, ohikoa delako haietan. Markus Gabriel alemaniar filosofoak herritarrak sare sozialetan proletario digital bilakatzen direla ohartarazi du, sare sozialetan egiten dugun "lana", informazioa alegia, bereganatuz, eta prozesua adikzioa sortzen duten algortimoak azkartuz eta sendotuz (2).

Erreferentziak

1. Social Network Sites: Definition, History, and Scholarship. Journal of Computer-mediated Communication. https://onlinelibrary.wiley.com/doi/full/10.1111/j.1083-6101.2007.00393.x. Accessed 2018.
2. Markus Gabriel: “Silicon Valley y las redes sociales son unos grandes criminales”. elpais.com, 2019-05-01.