Sayren legea

Say-ren legea, merkatuen legea ere deitua, 1803an Jean-Baptiste Say frantses ekonomilari klasikoak plazaraturiko teoria da, ekonomia klasikoaren oinarrizko axioma edo baldintzatzat hartzen dena.

Say-ren legearen arabera, eskaintzak neurri bereko eskaria sortzen du: zerbait erosi ahal izateko, aurretik ekoitzi egin behar da, eta erosiko denaren zenbatekoa (eskari globala) ekoitzi denaren zenbatekoarekin dator bat. Legeak aurretiko baldintza bakarra eskatzen du: ekoitzi eta eskaintzen dena eskaritik eskatzen den zerbait izatea; hortik aurrera eskaria eta eskaintza berdintzeko oztoporik ez dago. Familiek aurrezten duten dirua eskari geroratu moduan soilik ulertu behar da, eta une jakin batean eskaintzaren eta eskariaren artean egon daitezkeen desorekak prezio aldaketen bitartez erregulatuko dira.

Ondorio gisa, Sayren legeak gainprodukzio krisiak ezinezkoak direla ezartzen du, produkzioaren eskaintzak beti aurkituko duelako bere eskaria. Areago, hazkunde ekonomikorako ekoizpena, eta beraz eskaintza, handitu behar da. Gainprodukzioaren aurka, zirkulazioan dagoen dirua gehitzeak berriz, prezioak igo bakarrik egingo luke Sayren arabera.

Say-ren legea izan zen XIX. eta XX. mendearen hasieran makroekonomia menderatu zuen ekonomia klasikoaren oinarri nagusietako bat. John Maynard Keynesek lege horren aurkako argudio eta ebidentzia sendoek (izan ere, gainprodukzio krisiak egon bazeuden, 1929ko kraxaren ondorengo krisia, esaterako) ekonomia klasikoa baztertzea eta keynesianismoa izeneko paradigma gailentzea ekarri zituzten 1930eko hamarkadatik aurrera.