Segregazioa (soziologia)

Segregazioa, zehazkiago segregazio soziala, gizatalde batzuk hiri, eskualde edo nazio bateko gune ezberdinetan bizi direnean gertatzen da; hiri bateko auzo pobreak eta auzo aberatsak, adibidez . Gizarte estratifikazioaren maila geografikoa da, eta horren ondorio garbi eta azalekoenetakoa da. Gizarte bazterketaren ondorioa eta kausa ere izaten da: segregazioak gizarte bazterketa areagotu egiten du, eta aldi berean gizarte bazterketak berak segregazioa bultzatzen du, integrazio eta asimilazio prozesuak eragotziz. Ildo horretatik ordea, eztabaida izaten da adibidez pobreziak eragindako segregazioak bertako gizataldeak integratzeko borondate ezaren ondorioa den, pobreziaren, delinkuentziaren eta giza laguntzaren kulturan jarraitu nahi dutelako (Chicagoko eskola soziologikotik baieztatu izan den bazala), edota politika instituzionalen ondorio zuzena den. Hala ere, aipatu behar da segregazioa ez dela soilik beheko klaseetan gauzatzen; adibidez, XX. mendearen bukaeratik komunitate hesituen fenomenoak klase aberatsak ere segregaturik bizi daitezkeela erakusten du argi eta garbi.

Antzinako gizarteetan ohikoagoa bazen ere (adibidez, juduak auzo batzuetan, ghetto direlakoetan, guztiz baztertuak bizi zirenean), egungo gizarteetan segregazioa ez da erabatekoa izaten. Adibidez, erlijioa segregaziorako faktorea izaten bada ere, erlijio bateko sinestunak elkarrekin bizitzea nahiago izaten duten arren, egun ez da faktore sendoa izaten bizitokia erabakitzeko; beste muturrean, jazarpen politiko, etniko eta erlijiosoak segregazio erabatekoa eragiten du gehienetan, berrikitan ijito taldeei Europako hiri batzuetan toki jakin batzuetan bizitzera behartu zaienean kasu. Segregazio-maila neurtzeko, alegia gizataldeak segregaturik edo banandurik zenbateraino bizi diren jasotzen duten adierazle zenbait bizi dira, gune zenbaitetan bizi diren gizatalde ezberdinetako portzentajeak alderatuz.

Erreferentziak

  • Derek Gregory: The Dictionary of Human Gepgraphy: Segregation. 2009.