Sektore-diagramak

Sektore-diagrama hainbat ataletako portzentajeak edo bestelako kopuruak adierazten dituen diagrama zirkularra da, horretarako zirkulu bateko sektoreak kopuru horien arabera bereiziz, kolore ezberdinekin. Bereziki, aldagai kualitatibo bateko kategoriak eta horien maiztasunak (absolutuak edo erlatiboak) irudikatzeko erabiltzen da bereziki. Hedabideetan maiz erabiltzen grafikoak dira, baina arlo akademiko, zientifiko eta teknikoan baztertu ohi dira, sektoreak eta dagozkien kopuruak alderatzea berehalakoa ez delako eta kategoria (eta beraz, baita ere sektore) asko daudenean interpretazioa zaila delako. Oztopo horiek gainditzeko, barra diagrama egokiagoa dela irizten da.

Kalkulu-orri eta estatistikako programa guztiek sektore-diagramak eratzeko aukera ematen dute, aldaera guztiekin, hala nola koloreak eta etiketak aldatuz eta 3 dimentsiotan.

Adibidea

Demagun unibertsitatean hasitako herri bateko ikasleek aukeratutako gradu mota jaso dela, graduak 4 kategoriatan bereiziz: zientifikoa, teknikoa, gizarteko gradua eta osasun arlokoa. Gradu zientifikoan 12 ikasle hasi dira, teknikoan 10, gizartean 4 eta osasun arloan 16. Maiztasun horiek irudikatzeko, aski da maiztasun horiek ikasle kopuru osoarekin (42rekin) duten proportzioa kalkulatzea, hortik sektorearen angelua kalkulatzeko. Adibidez, ikasketa teknikoan hasitako ikasleei dagokien sektorearen angelua (10/42)x360=85.71 gradukoa da. Era berean kategoriaz kategoria kalkuluak eginez, sektore guztietako tamaina eta azkenean sektore diagrama osoa eskuratzen da (eskuinean).