Sexu harremanak (harreman sexualak)

Sexu harremana edo harreman sexuala bi pertsona edo gehiagoren artean gertatzen den sexu jarduera da, borondatezkoa, gorputzaren kontaktu estuarekin eta helburu gisa plazera (nahiz eta ez den beti lortzen), amodioa eta maitasuna besteari erakutsi eta sentiarazi (ez beti) eta (edo) ugalketa dituena.

Borondatea, batzuetan baimen esplizitu baten bitartez, ezinbestekoa da sexu jarduera sexu harremantzat hartzeko; izan ere, borondatezkoak ez diren sexu harremanak sexu-abusu, eraso edo bortxaketak dira, zirkunstantzien arabera. Sexu harremanen beste ezaugarri bat da gorputzen ukipen estua: sexu harremanetan pertsonek egunerokoan izaten ez dituzten kontaktu fisiko estuak dituzte, genitalekin edo bestelako atal erogenoekin. Sexu harremanetako kontaktu fisiko horiek zirri eta laztan hutsak izan daitezke, bestearen masturbazioa eta koitoa eta bestelako sarpenak. Batzuen arabera, sexu harremanen jarduera behinena koito edo sarpena da, eta zirri, laztan eta masturbazioak ez dira zentzu hertsian sexu harremanak, koito edo sarpenarekin batera gertatzen badira ere. Sexu harremanen helburuetako bat plazera izanik, ohikoa da sexu harremanaren azken muga orgasmoa izatea, sexu harremanean zehar pilatutako irrikaren gailentze eta asetzea, sexu plazer bizia eragiten duten kontrakzioen bitartez.

Fisikoki, sexu harremana animalien estalketaren pareko ekintza da, baina aldi berean pertsonen psikologia eta haien soziologia ere biziki eragiten dituena. Gizarte eta kultura gehienetan, sexu harremanak ez dira, animalien kasuan ez bezala, ugalketarako ekintza hutsak, eta pertsonen nortasun eta intimitatearekin estu loturik jokabidea, sexualitatearen jomuga, eta maiz amodioarekin, maitasunarekin eta sexukidearekiko atxikimenduarekin loturik, hitz batean afektibitatearekin, eta ildo horretatik familiari eta laguntasunari atxikiak. Familia eta lagunak gizartearen euskarri dira eta horrexegatik, sexu harremanei buruzko arau moralak eta tabuak daude kultura gehienetan, askotan erlijiotik ezarriak, baina aldi berean sexu harremanak definizioz askatasunez eta borondatez burutu behar direnez, gure nortasun sakona (intimitatea, afektibitatea) moldatzen dutenak.

Ikus, gainera