Sexu iraultza (iraultza sexuala)

Sexu iraultza edo iraultza sexuala bereziki 1960-1970eko hamarkadetan gizon eta emakumeen arteko harreman, jarrera eta itxaropenei eta sexu harremanei buruz izandako kontrakultura mugimendua eta aldaketa sozial nabarien multzoa da, sexualitatea ugalketarako ez ezik plazer iturri moduan hartu eta moral berri batekin lotzen duena. Antisorgailuen zabalkuntzak bultzaturik, ezkontzaren aurreko sexu harremanak  eta amodio askea ekarri eta emakumearen plazer sexualaren ideia zabaldu zuen, aurretik moralak eta erlijioak guztiz baldintzatzen zuten sexualitatearen muga gaindituz. Sexu iraultzaren ondorioak sexualitatetik haratago joan ziren, ezkontzatik kanpoko familia ereduak, familiako haur kopurua gutxitzea eta emakumea lan merkatura sartzea ahalbidetu zituen, aldi berean gailentzen ari ziren ideia feministekin bat, baina kapitalismoaren behar moduan ere baloratu izan dena. Feminista batzuen arabera gainera, sexu iraultzak gizonaren dominazio berria eta sexualitatearen eredu liberala ekarri zituen, sexu iraultzak emakumea ugalketarako ez ezik, plazererako baliabide moduan jarri baitzuen, plazererako araubideak emanez, emakumea gizonaren plazeraren zentroan jarriz, objektu sexual huts moduan, nahiz gizona  emakumearen plazeraren zentroan, azkenean eredu heteropatriarkala sendotzeko.