Sistema domestikoa (etxeko lan sistema)

Ehungintza izan zen etxeko lan sistemaren sektore nagusiena, eta hartan bereziki emakumeek jardun zuten.

Etxeko lan sistema, sistema domestikoa (ingelesez, domestic system) edo putting-out sistema bereziki XVII. eta XVIII. mendeetan bereziki Mendebaldeko Europan garatutako ekoizpen-sistema izan zen, non familiek, nekazariak gehienetan, euren etxeetan bertan lan egin eta ekoitzitako produktuak merkatari bati ematen zioten soldata baten trukean. Askotan, merkatariak beraiek ziren nekazariek lan egiteko behar zituzten materialak jartzen zituztenak (hortik putting-out izendapena), gero ekoitzitako guztia jasotzeko. Sistema Erdi Aroan nagusitu zen gremioen sistema baino malguagoa zen: merkatari kapitalistei gremioen araudi zorrotza saihesteko aukera izateaz gainera, hiriak guztiz garaturik ez ziren garai hartan langileek ez ziren euren etxeetatik mugitu behar lan egiteko. Etxeko lan sistema baliatu zuten sektore ekonomiko nagusia ehungintza izan zen, eta emakumeak izan ziren bereziki sistema horretan jardun zutenak. Etxeko eta soldatapeko sistema horrek independentzia ekonomikoa eman zien horretan ziharduten langileei, eta horregatik uste da familia nuklearraren sorreraren eta garapenaren faktore bat sistema horretan aurkitzen dela.

Historikoki, etxeko lan sistema Erdi Aroko gremio-sistematik  kapitalismorako zubi lanak egin zituela, Industria Iraultzarako bidea eginez. Hain zuzen ere, etxeko lan sistema horretan agertzen dira lehen aldiz soldatapeko langilearen eta kapitalistaren figurak. Sistema horri esker gainera, herritar xumeen bizimodua hobetu zen, eta horrek kapitalismoak hastapenetan garatzeko behar zuen barne-kontsumoa gehitu zen. Etxeko sistemak behar zuen teknologia ordea oso sinplea zen, eta produktu konplexuagoak eta masa-produkzioa garatzerakoan agerian geratu ziren bere mugak. Lantegi kapitalistak, hirietan, egokiagoak ziren zalantzarik gabe, industria-ekoizpena gehitu, kostuak murriztu eta kapitalisten mozkinak gehitzeko.