Sistema ekonomikoak (edo sozioekonomikoak)

Sistema ekonomikoak (edo sozioekonomikoak) gizarte batean ekoizpena, kontsumoa eta banaketa nola lotu eta antolatzen diren ezartzen duten oinarri, elementu, harreman sozial eta erakundeen multzoa da; besteak beste, eskura dauden baliabideak nola erabili, zer eta nola ekoitzi eta zein preziotan, lan egin eta kontsumitzeko moduak, agente ekonomikoak eta haien erabakitzeko moduak, printzipio juridikoak eta organo ekonomiko nahiz politikoak biltzen ditu. Sarreran aipatu bezala, sistema ekonomikoei sistema sozioekonomiko ere deitzen zaie askotan, izan ere, gizartea, eremu soziala alegia, ekonomiak baldintzatzen du guztiz: eremu soziala definitzen duten klase sozialak eta horien arteko harremanak, jabetza-erregimenak, instiutzio politikoak eta gobernuak ekonomiaren mendean daude (ikus, gainegitura eta azpiegitura); gizartean beraz, dena (edo zati handi bat) ekonomia da, batzuk kontzepzio horren aurka azaltzen badira ere. Marxen filosofia politikoan berriz, ekoizpen-modu deitzen zaio sistema sozioekonomiari, bi kontzeptuen arteko desberdintasun xeheak alde batera utzirik.

Historikoki, sistema sozioekonomiko hauek bereizi dira: biziraupen-ekonomia, non gizakiak euren oinarrizko beharrak asetzen zentratzen diren; ekonomia esklabista, esklabotzan oinarritua; feudalismoa, merkantilismoa eta kapitalismoa. Egungo munduan ordea, sistema ekonomiko hauek bereizi ohi dira: merkatu-ekonomiak, kapitalismoaren oinarri direnak, ekonomia planifikatuak eta ekonomia mistoak, aurreko bien konbinazioak.