Soldatak (edo alokairuak) eta soldataren osagaiak

Agian, alokairua ondasun bat errenta baten trukean uztearen adieran bilatzen ari zinen. 

Soldata edo alokairua langile batek beste baten kontura egindako lanagatik eskuratutako ordain finkoa da, aldiro (hilabetero, astero, ...) dirutan zein jenerotan, enpresariak edo enplegu emaileak emandakoa (ikus, gainera, lansaria). Soldatak dira, halaber, atseden edo oporraldietan jasotako diru kopuruak, denbora horretan lanik egiten ez bada ere. Soldataren osagaiak edo elementuak dira oinarrizko soldata, aldiro lan egiteagatik ordaintzen den diru kopuru finkoa, osagarriak (adibidez, gauez lan egiteagatik edo enpresak ezarritako helburuak betetzeagatik), aparteko orduak, eta soldata mistoa denean, jenerotan ordaintzen den zatia ere bai. Aparteko soldata urteko aldi batzuetan jasotzen den soldata gehigarria da, adibidez Eguberri garaian, ohiko soldataren bikoitza izaten dena. Aitzitik, ez dira biltzen soldataren baitan langileak Gizarte Segurantzatik jasotakoa eta lantokia aldatu, lanaldia eten edo kaleratzeagatiko ordainak.

Enpresa bere osotasunean harturik, soldata-masa enpresa batek bere langile guztiei ordaintzen dien soldaten zenbateko totala da.

Soldata lan-kontratuan ezartzen da, maiz dagokion hitzarmen kolektiboan, legez edo langilearekin adostutakoaren arabera. Nolanahi ere, soldata legez ezarritako soldata minimoa izan behar da gutxienez, horretarako baldintzak betetzen badira. Soldataren likidazioa eta ordainketa ere dagozkion epeetan izan behar dira, orokorrean hilabetea. Beste alde batetik, garaiz ordaindu ezean, soldatek lehentasuna dute, Espainiako legedian, beste kreditu eta mailegu guztien aldean, horiek bermatuta izanda ere.

Ikus, gainera