Sozialismo zientifikoa

Sozialismo zientifikoa, Pierre-Joseph Prodhon pentsalariak (1809-1965) Zer da jabetza? lanean lehen aldiz aipatua, historiaren eta errealitatearen azterketa zientifikoan oinarritzen den sozialismoaren korrontea da, borondatean oinarritutako sozialismo utopikoaren aurkakoa. Hertsikiago, marxismoa eta hortik eratorritako beste joera politikoak (leninismoa, komunismoa) izendatzeko ere erabili da (hain zuzen, sozialismo zientifikoari sozialismo marxista ere deitu izan zaio). Izan ere, marxistek aldarrikatu eta bereganatu zuten terminoa izan zen XIX. mendeko azken hamarkadetatik, sozialismo utopikoaren eta anarkismoaren aurka erabilia, sozialismoa errealitatean, zehatzago materialismo historikoan, oinarritutako doktrina izan behar zela, utopiak eta ameskeriak baztertuz (Friedrich Engels, Sozialismo utopikoa eta sozialismo zientifikoa, 1880). Aipagarria da zientzia, zehatzago zientismoa, XIX. mendearen bukaeran puri-purian zegoen pentsaera zela, aurrerabidearen oinarri gisa.