Sozietate anonimoak

Sozietate anonimoa enpresak bere izaera juridikoa eratzeko aukeran dituen moduetako bat da. Sozietate anonimoan enpresaren kapitala akzio deitzen diren tituluetan banatuta dago; era horretan akzioaren jabea edo titularra kapitalaren zati baten jabea da, eta bere ondare-erantzukizuna akzioaren zenbatekora mugatuta dago soilik. Beste alde batetik, akzioduna izateak enpresako erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko eskubidea ematen du, hala nola enpresa kudeatuko duten zuzendariak izendatzea, eta baita ere mozkinetatik dagokien zati proportzionala jasotzeko. Horregatik, garrantzitsua da kapitalaren gehiengoa osatzen duten akzioak eduki edo gutxienez kontrolatzea (akzio horien jabeak alde izatea), kapitalaren gehiengoa osatuz enpresa ere kontrolatu egingo baita.

Akzio horiek saldu eta erosi egin daitezke, maiz burtsa deritzon merkatuan, non akzioek kotizatu egiten duten, hau da, bere prezioa finkatzen den, besteak beste enpresa horretako akzioen eskariaren eta eskaintzaren arabera. Sozietate anonimoa bereziki enpresa handiek hartzen duten izaera juridikoa da, kapitala titulu txikitan banatuta dagoenez, errazagoa baita kapital handia osatzea sozietate anonimoaren akzioak hartuz diru ekarpen txikiak egiten dituzten partikular askoren artean.

Adibidez, enpresa batek sozietate anonimo moduan abiatzea erabaki du 100.000 euroko kapitalarekin; horretarako 100 euroko 1.000 akzio jaulki ditu. A, B, C eta D bazkideen 400, 300, 200 eta 100 akzio hartu dituzte, enpresako kapitalera dagokien diru ekarpena eginez, 40.000, 30.000, 20.000 eta 10.000 euro hurrenez hurren. A eta C bazkideek kapitalaren gehiengoa dute, eta beraz enpresa kontrolatu egingo dute, baina mozkinak guztien banatu beharko dira. Edonola ere, enpresak galerak baditu, bazkideen erantzukizuna euren kazioen zenbatekora mugatzen da. Bazkide guztiek euren akzioak saltzeko eskubidea dute, enpresako bazkide bati zein kanpoko inbertitzaile bati.