Sozietate kolektiboak

Sozietate kolektiboa merkataritza-sozietate mota bat da, enpresa baten izaera juridikoa alegia, non bazkideek euren ondare guztiarekin erantzuten duten zorrak eta beste erantzukizunak estaltzeko, era pertsonal, solidarioan eta mugarik gabe. Sozietate pertsonalista da, beraz; sozietate komanditarioak bezalaxe. Enpresa familiarraren ohiko erakunde historikoa izan da, eta elkarrekiko konfiantzan oinarritzen de, enpresaren erantzukizuna bazkide guztiengana pertsonalki hedatzen denez. Hori dela eta, bazkide kopuru murritzetarako erabiltzen da.

Espainiako Zuzenbidean, Merkataritza Kodean arautzen da. Bazkideek lana soilik (eta orduan bazkide industrialak lirateke) edota lana eta kapitala (bazkide kapitalistak lirateke orduan) ekar dezakete. Bazkide guztiek irabazi berdinak eskuratzen dituzte, bestela adierazi bitartean; halaber, bazkide industrialak ez dira printzipioz galeren erantzule. Erantzukizunak eta betebeharrak bezalaxe, bazkideek eskubide berdinak dituzte eta denek hartzen dute parte sozietateen kudeaketan; bestela adierazi bitartean, bazkideek boto bana dute eta erabakiak gehiengoz hartzen dira, baina adostasunez bazkide bakar bat, haietako batzuk edo hirugarren batzuk izan daitezke sozietatea kudeatzen dutenak. Bazkide izaera ezin da eskualdatu beste bazkideen adostasunik gabe, baina bazkideek sozietatea utz dezakete, eta kanporatuak ere izan daitezke beste bazkideen erabakiz. 1

Erreferentziak