Subjektibismoa

Subjektibismoa zerbait ezagutzeko irizpide lehen eta nagusitzat pertsonaren indibidualtasuna, subjektu bakoitzaren ikuspuntua alegia, hartzen duen jarrera filosofikoa da. Bereziki etikan erabiltzen da, subjektibismo etiko izenarekin, zerbait ona edo txarra den subjektu bakoitzaren ikuspuntuaren araberakoa dela, dena subjektiboa dela alegia, baieztatzen duen jarrera izendatzeko. Erlatibismoaren aldaera bat da, subjektuaren ikuspuntua nabarmentzen duena. Bi subjektibismo mota bereizten dira etikan: subjektibismo normatiboaren arabera, "A ona da" egia da baldin eta soilik baldin "A ona da" proposizioa pertsona edo talde baten ikuspuntuekin bat badator; subjektibismo metaetikoaren arabera berriz, "A ona da" egia edo faltsua den baieztatzerik ez dago; bi subjektibismo horiek aurkakoak dira, subjektibismo metaetikoak ez baitu subjektibismo normatiboaren inongo proposiziorik onartzen.