Sugestioa

Psikologian, sugestioa beste batek adierazi edo proposatutako ideiak nahiz sentsazioak egiaztapen eta kritikarik gabe onartzen den egoera psikikoa da. Lau eratara eragin daiteke:

  • zuzeneko sugestioa beste baten aginteak eragindakoa da; adibidez, ama batek haurrari "ez du hotzik egiten" esan eta amak esan duelako haurrak hori onartzen duenean;
  • zeharkako sugestioan, beste baten ideiak norberarenak balira bezala onartzen dira; adibidez, ideologia politikoa kasu askotan zeharkako sugestioaren emaitza, ideologia propioa dela uste arren, askotan inguruak eta propagandak eragindakoa delako;
  • autosugestioa, norberak bere buruari sinestarazen dizkion ideiak dira; adibidez, hotzari aurre egiteko, subjektu batek bere buruari "ez du hotzik egiten" errepikatzen dionean, sentsazio hori sinesteraino;
  • sugestio hipnotikoan, hipnosi edo beste teknika psikikoen bitartez eragiten dena.