Supergizakia

Supergizakia Friedrich Nietzsche filosofoak (1844-1900) gizakiarentzat proposatu zuen gizaki eredua da, arrazionaltasun, moral eta erlijio orotik askea, eta bere senei jarraiki bizi dena. Nietzscheren arabera, egungo gizakia zoritxarrekoa da guztiz, eta Mendebaldeko kulturaren gainbeheran harrapaturik bizi da, esklaboen moralaren mendean. Supergizakiak bizitza, poza baina baita ere mina eta sufrimendua, jartzen du beste ororen gainetik, eta indibidualista, autonomoa, adoretsua eta sortzailea da. Balio-sistema berria eratu eta botere-borondatearen arabera bizi behar du. Gizakiaren krisia gainditzeko, hiru fase alegoriko ezarri zituen:

  • egun, gizakia ganbelua litzateke, esklaboen morala onartzen duena, bere zama osoarekin;
  • gizakiak kateak hautsi, eta leoi bihurtu behar da, esklaboen morala irauli;
  • kateak hautsita, gizona haur bilakatuko da, garbi eta naturaltasun osoz jokatuko duena, balio-sistema berria eraikita.

Nietzschek ukatu zuen supergizakiaren eredu historikoa ematea, baina Sokratesek, Jesukristok, Goethek, Julio Zesarrek eta Napoleonek, besteak beste, supergizakiaren ezaugarriak izan zituztela aipatu zuen.