Teokrazia

Abraham, Israelgo lehen patriarka izan zen. Patriarkek Jainkoaren aginduz gobernatzen zuten. Irudian, "Isaaken sakrifizioa", Philippe de Champaigne (1602-1674).

Teokrazia edo estatu teokratikoa herrialde bateko agintari erlijiosoak aldi berean bertako estatu buruak diren estatuaren forma da, adiera hertsian. Hala ere, estatua teokratikoa dela esaten da baita ere agintari politikoek kleroaren aginduz edo haren gidaritzapean gobernatzen dutenean edota agintariek Jainkoaren izenean gobernatzen dutela estatuaren oinarri edo printzipio nagusitzat hartzen denean. Espainiaren estatu forma guztiz teokratikoa izan zen XV-XVIII mende bitartean, monarkiak eta kleroak eskuz esku gobernatu zutenean; horren adibideak dira Espainiako Inkisizioa eta Amerikako kolonizazioa, agintariek Jainkoaren aginduz aldarrikatuak.  Aro Modernoarekin batera, eta bereziki Ilustraziotik, desagertzen joan ziren estatu teokratikoak Mendebaldeko herrialdeetatik. Egun, estatu teokratiko garbi bakarrak mundu osoan Arabia Saudi, Iran eta Vatikanoa dira.