Teoria kritikoa

Teoria kritikoa, batzuetan soziologia kritikoa ere deitua, gizartearen kritika eta aldaketa helburu dituen teoria da, gizartea osotasunean harturik, gizartea ikertzea eta azaltzea helburu duen ikuspuntu soziologikoaren aurkakoa. Teoria kritikoaren metodologia gizartearen azaleko azterketatik haratago joan eta sakon ikertzea du helburua, egungo gizartearen egiazko funtzionamendua azaltzeko. Teoria kritikoa marxismoa izan zuen abiapuntua, bereziki gainegitura edo superestruktura kontzeptu marxista bereganatuz eta eremu horretan dominazioak nola jarduten duen ikertuz. Teoria kritikoaren aitzindaritzat har daitezke, halaber, György Lukács eta Antonio Gramsci filosofoak, dominazioaren kontzeptuak garatu zituztenak, hala nola hegemonia kontzeptuaren bitartez. Baina teoria kritikoa sortu eta garatu zutenak Frankfurteko soziologo talde bat izan zen, hala nola Max Horkheimer, Theodor Adorno, Erich Fromm, Walter Benjamin, Jürgen Habermas eta Herbert Marcuse, bi mundu gerren arteko garaian, haien herrialdean nazien gailentzearekin, eta munduan kapitalismoarekin eta masako kulturarekin kezkatuak eta Frankfurt-eko eskola izenekoan bildu zirenak. Egun, teoria kritikoak oihartzun handiko joera izaten jarraitzen du bereziki feminismoaren inguruko teorien artean.