Terrorismoa

Terrorismoa indarkeriazko jarduera politikoa da, botere politikoa eskuratzeko xedearekin indar militar eta polizialez gainera, azpiegitura ekonomikoak eta pertsona zibilak ere erasan eta erasotzen dituena. Indarkeriazko ekintza terrorista puntualen helburua beraz, indarkeria hori gizartera zabaltzea da, segurtasun eza zabalduz eta estatua kontrola galtzen ari dela erakutsiz, estatuko agintariei presioa eragin eta haien erabakiak baldintzatzeko. Hori dela eta, estatuek bereziki gogorki jazartzen duten indarkeria da. Aldi berean, termino gaitzesgarria da, eta horregatik ohikoa estatuek terrorismoaren definizioaren irizpideak guztiz betetzen ez dituzten mugimendu politiko eta erakunde armatuei terrorista deitzea, indarkeria mugarik gabe erabiltzen dutelako mezua zabaldu eta haiek deslegitimatu nahian. Terrorista izendapena jasotzen dutenek berriz, ukatu ohi duten izendapena da, haien helburua zibilak ez, baizik eta estatua eta haren aparatuak direla aldarrikatuz.