Testamentua

Tokiko ordenamendu juridikoen arabera definizio zehatza aldakorra arren, testamentu izeneko agirian pertsona batek, testamentugile izenekoak, bera hil ondorenerako (hau da, mortis causa, zuzenbidean adierazi ohi den bezala) bere ondasun eta eskubideekin zer egin behar den erabaki duena adierazten du, hau da, testamentuan pertsona batek bere heriotzaren ondorengo herentziari buruzko xehetasunak adierazten ditu. Testamentua egiteko baldintzak tokiko kode eta arau zibiletan ezartzen da.

Oinarrizko ezaugarri hauek ditu:

  • Testamentua ekintza pertsonal eta unilaterala da, hau da, norberaren ondasun eta eskubideei buruz egiten da testamentua, eta inolaz ere ez besteenei buruz. Inork ezin du beste baten testamentua egin, ezta haren izenean edo haren baimenarekin ere.
  • Baliogabetu edo atzera bota daitekeen agiria, testamentu berria eginez. Horregatik esaten da testamentua azken borondateen agiria dela.
  • Testamentua ekintza aske baten bitartez burutu behar da, eta horretarako baldintzak zuzenbide zibileko arauetan ezartzen dira.
  • Testamentua solemnea izan behar da, aurreko ezaugarriak bete daitezen baldintza formal batzuk bete behar direlako.
  • Testamentuan ondareari buruzko xedapenak agertzen dira (xedapen patrimonialak) baina bestelako xedapenak (ez patrimonialak) ere ager daitezke, hala nola seme alabei buruzkoak.

Besteak beste bi testamentu mota bereizten dira:

  • testamentu irekia, testamentugileak testamentua notarioari adierazten duenean, ahoz nahiz idatziz, hark horren dokumentua jaso eta gorde dezan;
  • testamentu itxia, testamentugileak idatziz adierazten duenean bere azken borondatea, borondate hori inori jakinarazi gabe, ezta notarioari ere, kartazal itxi batean. Notarioak testamentu hori gorde egiten du besterik gabe, eta testamentugilea hiltzean irekiko da.