Trantsizio demografikoa

Trantsizio demografikoa ugalkortasun eta heriotza tasa altuetatik tasa baxuetara igarotzen deneko prozesu edo erregimenĀ demografikoa da. Prozesu horretan desoreka demografikoa gertatzen da: hasieran, heriotza tasaren jaitsiera eta bizi-itxaropenaren luzapena ugaltze-tasaren jaitsiera baino lehenago gertatzen denez, hazkunde demografikoa handia izaten da; geroago, jaiotza-tasaren jaitsiera gertatzen da, eta ondorioz biztanleriaren hazkundea moteltzea, eta azkenean oreka heriotzen eta jaiotzen artean.

XVIII. mendean Europan abiarazitako prozesua izan zen, eta egun munduko herrialde gehienetan gauzatu edo gauzatzen ari den prozesua da. Lehenengo trantsizio demografiko hori gainditu duten herrialdeek bigarren trantsizio demografiko bati egiten diote aurre egun: belaunaldien ordezkapena ahalbidetzen ez duten ugalkortasun-tasa oso txikiekin, lehenengo seme-alabaren berandutzearekin, dibortzio-tasa altuekin eta ezkongabeak ugaltzearekin loturik. Bigarren trantsizio demografiko horrek biztanleriaren zahartze nabarmena dakar, osasun eta pentsio-sistemak kolokan jarriz.