Turismoa

Turismoa aisialdian eta plazerez egiten den bidaia, egonaldi eta jardueren multzoa da, ohiko bizitokitik kanpora. Turismorako motibazioak toki berriak ezagutu, atsedena hartu eta egunerokotasunetik ateratzea izaten dira, osasungarria delakoan eta nortasuna eta estatus soziala aberasten duelakoan; jarduera iniziatikoa ere bada: turistarena bizipen berria da, atsedena hartu eta erlaxatzean, kirol praktikak burutuz, eta hiri, paisaia eta kultura berriak ezagutuz. Bereziki XX. mendetik zabaldutako jarduera da, langileei oporraldiak izateko eskubidea ematearekin eta garraiobideen zabalkuntzarekin batera. Egun, turismo jarduera ekonomiko eta sozial globala da, eta mundu osoko Barne Produktu Gordinaren %10etik gorako ekarpena egiten du XXI. mendearen bigarren hamarkadan.

Turismoa eta bidaia, turistak eta bidaiariak, bereizi ohi dira, horien arteko muga lausoa den arren. Bidaiariaren esperientzia indibiduala, berezia eta errepikaezina den bitartean, turismoa praktika estandarra da, nolabait ohikotzat hartzen diren tokiak bisitatuz eta jarduerak burutuz. Bidaia abenturarekin eta esplorazioarekin lotzen den bitartean, turismoa normaltasunarekin lotzen da; dena den, turistaren helburua esperientzia "ahaztezina" izaten denez, enpresa turistikoek euren produktuak bidaiaren etiketarekin saltzea da ohikoena.

Turismo izena XIX. mendearen hasieran sortu zen eta etimologikoki XVII. eta XVII. mendeetan zehar europar aristokrata gazteek egiten zituzten "grand tour" izeneko bidaietatik dator, Erromara lehenbizi eta gero eta Europako beste hirietara egiten zituzten plazerezko bidaiak, antzinako historia eta kultura ezagutzeko. Bidaia horiek eroso egiteko azpiegitura osatzen joan zen. XIX. mendean, erromantizismoaren gailurrena, turismoa mendi eta itsasaldera zabaltzen ere joan zen, bainutegiko turismoa garatuz.

Eliteari zuzendutako turismo hori gizarte osora zabaldu zen XX. mendean, baina horren baitan mailak eta klaseak bereiziz; egun bada turismo elitista bat, eta masazko turismo bat. Eta ez hori bakarrik, turismoa jarduera hain malgua da, non hamaika turimso mota sortu dira turistak (bezeroak, finean) erakartzeko: turismo aktiboa, landa-turismoa, negozio-turismoa, hondartzako turismoa, turismo sexuala, eta baita turismo espaziala ere.