Zurztasuna (zurtzak)

Haur zurtza edo umezurtza guraso bat (zurztasun sinplea) edo biak (zurztasun absolutua) hilda dituen haurra da. Haur uzurtzaren egoera zurztasuna edo umezurztasuna da. Arrisku psikosozial larrian dagoen kolektiboa da, pobrezia arriskua eta eskola arazoak izaten dituzte.  Kaleko haur bilakatzea, eta ondorioz eskaletzan edo prostituzioan jaustea, izan da zurtz pobreen irtenbide ohikoa, historian zehar eta egun ere herrialde azpigaratuetan. Umezurztegi edo umezurtz-etxeak izan dira kasurik onenean, erakunde erlijiosoek kudeaturik gehienetan, familia gertukoak haurraren zaintzaz arduratzen ez zenean, haur umezurtzen hazkuntzaz eta hezkuntzaz arduratu direnak. Instituzio horiek gabezia asko zituzten ordea, eta ez zioten haurrari eskaintzen familia baten baitan aurki dezakeen sostengu emozionala. Egun, adopzioa eta harrera-familiak izaten dira haur hauei eskaintzen zaizkien irtenbide instituzionalak, bi gurasoak galdu eta gertuko familiarrik ez dagoenean, eta laguntza ekonomikoa eta psikosoziala guraso bakarra hil denean. Herrialde aurreratuetan, umezurtzek pentsio bat jasotzen dute estatuaren aldetik, Espainian zurtzak 22 eta 24 urte bete arte luzatzen dena, zurtasuna sinplea edo absolutua den.

Hiztegia: ingelesez, orphanhood (orphans); gaztelaniaz, orfandad (huérfanos).