Urbanismo arrazionalista

Urbanismo arrazionalista 1930eko hamarkadatik aurrera proposatu eta zabaldu zen ikuspegi urbanistikoa da, hirien diseinu eta garapenerako arrazionalismoa oinarritzat duena, ikuspegi estetikoak, historikoak eta bestelakoak alde batera utzirik eta egun ere indarrean dagoena munduko hiri gehienetan, neurri handiagoan nahiz txikiagoan. Bere helburua hiritarraren beharrak asetzea da (lana, aisia, etxebizitza eta mugikortasuna), eta horretarako metodo sinpleena proposatzen du, lerro zuzen eta garbiak eta erabateko funtzionaltasuna, irizpide estetikoak bigarren mailan utziz. Halaber, hiriaren funtzioetan erabateko espezializazioa eta zonifikazioa aldezten ditu, etxebizitza, merkataritza,  aisia, hezkuntza eta beste zerbitzuak eta industria erabat bereiziz.

Urbanismo arrazionalistaren oinarriak 1941eko Atenasko Gutunean plazaratu ziren, Le Corbusier arkitektoaren ekimenez: interes publikoaren lehenespena, interes pribatuen gainetik; hiria hiritar libre batentzat, dentsitate handiak, ibilgailuen bideak eta oinezkoenak erabat bereiztea, besteak beste. Hiri zaharraren kritika ere egiten zuen: etxe bloke itxiak eta jarraituak gaitesten zituen, patioarekin maiz, osasungarriak ez zirelakoan, eta baita funtzioen nahasketa eta trafiko trinkoa. Horrela 1950 eta 1960ko hamarkadetan Europako hiri handietan, etxeorratzez osaturiko auzune zabalak eratu ziren (Frantzian, "grand ensemble" izenarekin), distantzia handiekin batetik bestera eta beraien arteko berdeguneekin. Hala eta guztiz ere, denborak frogatu zuen auzune horietan arazo sozial larriak sortu direla, osasun, hezkuntza eta garraio zerbitzu eskasekin, eta deserrotze nabarmena sortuz bertako biztanleen artean, langile xume eta etorkinentzat eraikitako etxebizitzak zirela gehituz, haien bazterketa areagotuz. Mutur horietara heldu gabe, urbanismo arrazionalistak arazo larriak sortzen ditu mugikortasunaren aldetik, hiritarrak etengabe mugitzera behartzen baititu, hala nola lanera joan edota ikasteko.

Erreferentziak