Versallesko Ituna

Versallesko Ituna Lehen Mundu Gerraren ondoren, Aliatuek (Frantzia, Britainiar Inperioa, Estatu Batuak, Italia eta Japonia) Alemaniarekin sinaturiko bake-ituna izan zen, non gerra galduta, Alemaniak onartu egiten zituen Aliatuek ezarritako baldintza gogorrak. Lehen Mundu Gerra 1918ko azaroaren 11an bukatu bazen ere, bake-ituna hilabete batzuk beranduago sinatu zen, 1919ko ekainaren 28an, negoziazio luzeen ondoren, Paristik gertu dagoen Versallesko jauregian, eta munduko beste hainbat herrialdeen atxikimendua lortu zuen. Itunaren adierazpen nagusi bezala, Alemaniak onartu egiten zuen gerraren eta horren ondorio latzen ardura osoa, eta horien kalte ordaina eta konpentsazioa hartzen zuen bere gain. Ituna osatzen duten baldintzen artean Alemaniako armadaren desarmatzea, Alemaniakoak ziren lurralde batzuk beste herrialdeen esku uztea eta kalteen ordainketa zegoen. Beste klausula asko ere ezarri ziren; esaterako, Versallesko Itunak langileen eskubideei buruzko hanbai arau ezarri zituen, hala nola lanaldiaren murrizketa, haurren lanaren abolizioa eta gizon eta emakumeen lanaren berdintasuna onartuz, gerran parte hartu zuten herrialdeek gerra aurretik bizi izan zituzten lan gatazka gogorrak saiheste aldera; hain zuzen ere, arau horiei jarraiki eta Versallesko Itunaren babespean sortu zen Nazioarteko Lanaren Erakundea, egun ere Nazio Batuen baitan mundu mailako lan-erakundea dena.

Versallesko Ituna bake-tratatutzat hartzen bada ere, azkenean gerra garaileek Alemaniari inposaturiko baldintzak ziren neurri handi batean. Inposaketa edo Alemanian esaten zen bezala Diktat horren ondorioak laster ikusi ziren. Alemanian ondorio ekonomikoak larriak izan ziren. Aleman askok eta askok umiliaziotzat hartzen zen horretatik etorri zen 1920ko hamarkadan zehar nazien alderdiaren sorrera eta gorakada nabarmena. 1930eko hamarkadaren hasieran bereganatu zuen boterea nazien alderdiak, eta Versalleseko Itunaren klausula guztiak indargabetu zituzten. Nazien ideologia ultranazionalistak ekarriko zuen 1939 urtean Bigarren Mundu Gerra. Beraz, hasiera batean bake-tratatua izan behar zena, munduko bigarren gerra baterako hazia izan zen.