Zelibatoa

Zelibatoa edo ezkongabegoa (latinezko caelebs, "bakarrik", hitzetik) ezkongabearen egoera da, bereziki norberak aukeraturikoa bada eta kastitatearekin batera bizitzen bada. Historian zehar eta kultura batzuetan, gizatalde eta banako batzuek euren identitatea eta nortasuna egoera horren arabera definitu dute, aldi baterako edo modu iraunkorrean. Kasurik ezagunena gure artean Eliza Katolikoko erlijiosoena da, non zelibatoa guztiz finkaturiko tradizioa den, dogma edo doktrina izan gabe; beste hainbat erlijio eta elizetan debozioaren erakusgarri argia da. Ikuspuntu antropologiko batetik, zelibatoa sexu harremanei uko egitea da, eta beila edo lo egiteari eta barau edo jateari uko egitearen pareko praktikatzat hartu behar da, iniziazio eta bizitza-zikloko erritualen baitan. Orokorrean, garbi mantentze aldera edo garbitasuna lortzen aldera burutzen den praktika ere bada, pertsonari karisma ematen diona. Max Weber soziologoak bi helburu ikustzen zizkion zelibato erlijiosoari: alde batetik, helburu mistikoa; eta bestetik aszetismoarekin loturik, autokontrola eskuratzeko. 1

Beste hizkuntzetan: ingelesez, celibacy; gazteleraz, celibato.

Erreferentziak

1.
Sobo EJ. Celibacy, Culture, and Society: The Anthropology of Sexual Abstinence. Wisconsin University Press; 2001.