Enpresa (definizioa)

Enpresa giza baliabideak (lana) eta finantza-baliabideei esker eskuraturiko ekoizpen-faktore materialak batera jartzen dituen antolakuntza eta erakundea da, produktuak eta zerbitzuak ekoitzi eta horiek kontsumitzaileei eskaintzeko.

Enpresak helburu ekonomiko nahiz sozialak ditu. Enpresa kapitalistetan, helburua mozkin ahalik eta handiena lortza da helburua. Beste enpresa batzuetan, berriz, helburua ez da mozkina lortzea, baizik eta produktu edo zerbitzu baten eskaintza ziurtatzea. Kasu batean zein bestean, ekoizpen-faktoreak mugatuak direnez, enpresak eraginkortasun edo efizientziaz baliatu behar ditu ekoizpen-faktoreak, kontsumitzaileen beharrak asetuz kostu txikienarekin. Eraginkortasun horretatik dator enpresaren izaera ekonomikoa: ekoizpen faktoreak mugatuak eta eskasak dira, eta antolakuntza egoki batez bateratu behar dira enpresaren helburuak lortzeko.

Enpresa ez da erakunde isolatu bat, erakunde soziala da alegia, eta berezko harremanak ditu beste enpresekin (hornitzaileekin, bezeroekin), bere langileekin, kontsumitzaileekin eta gizartearekin orohar. Mozkinaz gainera, beraz, enpresak bestelako zereginak eta ardurak baditu: langileen bizimodua aurrera atera ziurtatu, beharrezko ondasunak eta zerbitzuak eskaini kontsumitzaileen beharrak asetzeko ,eta bere ingurunean aberastasuna eta aurrerapena sortzen laguntzea, eta hori guztia etikaz eta jasangarritasunez egin beharko luke.

Helburu ekonomiko eta sozial horiek lortzeko, enpresak antolakuntza bat garatzen du eta erakunde bat sortu. Antolakuntza eta erakunde horrek administrazioa, plangintza, kudeaketa eta kontrola behar ditu, eta horretarako guztirako management edo zuzendaritza bat behar du, enpresak zuzendu edo gidatu egingo duen pertsona edo talde bat. Beste alde batetik, enpresaren erakundeak izaera juridikoa ere badu, legezko marko baten baitan garatzen baitu bere jarduera, korporazio bat osatuz askotan (Espainian, merkataritza-sozietatearen izaera hartuz), pertsona juridiko moduan jokatzeko.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Enpresa (definizioa)"; Gizapedian, 11 iraila, 2021, https://gizapedia.hirusta.io/zer-da-enpresa-definizioa-kontzeptua-definizioa/.