Zerga iruzurra, ebasioa eta elusioa

Zerga iruzurra zergapeko batek zerga arauak haustea da, ondoriotzat ordaindu beharreko zergaren zenbatekoa gutxitzea dakarrena. Hainbat eratara gauzatu daiteke, baina funtsean bi era hauetara burutu daiteke: ebasio edo zerga-ihesaren bitartez, ordaindu beharreko zerga besterik gabe ordaintzen ez denean, hots egitate zergagarria sortu eta zerga-omisioa gertatzen denean (adibidez ondarea eta errentak ezkutatuz), baina baita ere lege-iruzurraren bitartez, zerga-arauaren zentzua manipulatu eta norberaren interesen arabera interpretatzen denean, eta ez legearen berezko esanahiaren arabera, ordaindu beharreko zergaren zenbatekoa gutxituz.

Zerga-bilketa gutxitzea dakarren beste fenomeno da elusio fiskala da. Zerga iruzurrean ez bezala, zerga-elusioa egitate zergagarria baino lehenago gertatzen da, pertsona batek zerga gutxiago ordaintze aldera gehien interesatzen zaion erabakia aukeratzen duenean. Adibidez, zerga elusioaren kasuan ginateke pertsona batek bere zerga-helbidea aldatu egiten duenean, lehenengo zerga-helbidean ordaintzen zituen zergak baino gutxiago ordaintzeko, herentzia bat jasotzerakoan adibidez. Elusio kasuetan beraz, ez dago zuzeneko iruzur edo arau-hausterik, baino ogasunaren kaltetarako jokabideak dira, zerga-bilketa txikiagoa suertatzen baita; gehienez, zuzenbide-abusua dago kasu horietan, elusio-jokabideak arauak norberaren interesetara moldatu eta gizartearen kaltetan erabiltzen baita.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, tax fraud (zerga iruzurra), tax evasion (ebasio fiskala), tax avoidance (elusio fiskala); gaztelaniaz, fraude fiscal (zerga iruzurra), evasión fiscal (ebasio fiskala), elusión fiscal (elusio fiskala).