Zerga paradisuak

Zerga paradisuak edo paradisu fiskalak, batzuetan off shore kokapen edo gune ere deituak, sozietateak sortu ta bankuko kontuak edukitzen dituzten atzerriko inbertitzaileak zergak ordaintzerakoan salbuetsi edo aske uzten dituzten herrialdeak dira. Aldi berean, inbertsio horien opakotasuna bermatzen duten herrialdeak izaten dira, banku-sekretua oinarrizko printzipio hartuz. Hori dela eta, zerga paradisuak jatorrizko herrialdean zerga iruzurra egin edota diru beltza eta diru zikina ezkutatu nahi dutenentzat aproposak izaten dira. Herrialde gehienek eta naizoarteko erakundeek zerga paradisuen zerrenda beltzak dituzte, haietan inbertsioak egiten dituztenei jarraipen zorrotza egiteko. Orokorrean, zerga paradisuak herrialde txikiak dira, off shore edo uharteetan kokaturikoak, eta zerga politika bikoitza izaten dute, bata bertakoentzat, zorrotzagoa, eta bestea atzerritarrentzat, malguagoa eta zergapetze murritzarekin. Politika horiek dibisak erakartzeko ezartzen dira bereziki, bestela baliabide ekonomiko eskasak lituzketelako gehienetan.